martes

3. ariketa: Sare sozialak (II)

Facebook esperimentua bukatutzat emango dugu gaur. Astebetez lagunak “biltzen” ibili zara. Kontaketa egiteko momentua ailegatu da. Zenbat lagun lortu dituzu? Nola? Zuzenean, lagunen lagunen bitartez, espontaneoki zugana jo dutelako… Zer nolako aplikazioak erabili dituzu? Profila, taldeak, kausak, marketplace, argazkiak, estekak…

55 lagun lortu ditut. Hasieran Facebook kontua duten hainbat ezagunei luzatu nien eskaera (eta handik abiatuta, haien kontaktuei), baina horrela mantsoegi nenbilen lagunak biltzen. Horietako batzuek ez ninduten onartzen, eta gutxi batzuk galdetu zidaten mezu pribatuen bidez ea nor nintzen.

Orduan estrategia aldatu eta atzerriko erabiltzaileak gehitzen hasi nintzen: argentinarrak, txiletarrak, espainiarrak... gehienek denbora laburrean onartzen ninduten, eta laupabost eskaera izan nituen ere bilatu barik: nik gehitutako kontaktuen 'lagunek' ni ikusi eta gehitzen ninduten. Eta hori profil berri-berria izanda, argazki bakarrarekin, guztiz ezezaguna... hau da, sinesgarritasun handirik gabeko profila erabiliz.

Facebooken hainbat aspektu arakatu ditut, lehen esan bezala ez naizelako sare sozialen zuzeneko erabiltzailea eta hobeto ezagutzeko beharra sentitu dudalako. Banekien 'orrialdeen' erabilera masiboa zela (medioek sarritan komentatzen dute ez dakit zein esaldik lortu dituen hamaika mila zale fbook-en edo...) baina bitxia iruditu zait erabiltzaile askok ez dutela orrialde eta taldearen arteko desberdintasuna ulertzen, eta zaletasunak adierazteko bai orrialdeak bai taldeak erabiltzen dituzte, haien horma askotan izorratzen duten komentarioz betetzen delarik. Oro har nabaritzen da sare honen erabilera nahiko anitza dela, badira murriztapen handiak egin gabe ibiltzen diren erabiltzaileak, milaka 'lagunekin', horma kaotikoarekin eta edozein aplikaziora gehitzen direnak; eta beste batzuk erabilera "serioagoa" ematen diotenak, ezagutzen ez duten jenderik onartzen ez dutenak, pribazitate murritzagoa ezartzen diotenak haien profilari, etab.

Esperimentuaren nondik norakoez hitz egiteko garaia da. Gure esperientzia honek zenbaiteraino jartzen ditu kolokan sare sozialen inguruko ideiak, hau da, beren indarra dagoeneko elkar ezagutzen duen jendearen arteko loturetan dagoela? Zer nolako zalantza etikoak sortzen dizkizute tresna berri hauek? Posible ikusten duzu interneteko sare sozialetan bakarrik oinarritutako marketing kanpainarik, hau da, medio nagusiagoetan (hots, telebistan) agertu gabe? Horrelakorik ezagutzen duzu?

Sare sozialek komunikazio aukera asko irekitzen dituzte, baina komunikazio horren eraginkortasuna erabileraren araberakoa izango da, eta ez dago dudarik sare hauen erabilera "desegokia" badagoela, neurri handi batean. Medio berria da, eta jendea ez dago ohituta pribazitate neurriak ezartzen, ezta aukera guztietaz baliatzen. Gainera, badago erakuskeria kutsua erabiltzaile askoren modus operandian, sare sozialak haien inguruko kontaktuekin duten komunikazioa hobetzeko eta sakontzeko baino gehiago, haien bizitza soziala zabaldu nahi dute askok eta zuzenean ezagutzen ez dituzten adiskidantza birtualak -gehienetan azalekoak eta iraupen txikikoak- eratzeko helburua dutenak. Sare profilizatu (pertsonalizatu) hauetan sortzen diren 'adiskidetasun' horiei antzematen zaie desberdintasun nabarmen bat interneteko beste hainbat komunitate formatuekin -foroak, blogak, etab.- : izan ere, garrantzia ez duela zer esaten den (mezuak berak), baizik eta nor izaten den (profila, argazkiak, 'lagunak', bizitza sozialaren islada).

Azaleko erabilera horretatik aldentzen bagara, badago aukera anitz komunikazio eraginkorra eratzeko, benetako 'sare sozial' eraginkorrak gauzatzeko, eta azken batean, pertsonak -eta enpresa/bezeroak- hurbiltzeko. Baina horri erreparatu aurretik, sare hauek sortzen dituzten zalantza etikoak azter ditzagun.

Guk nortasun faltsuak sortu ditugu eta sare sozial baten parte izatea lortu dugu. Aste betean, existitzen ez den pertsona batek lortu du Fbook-en integratuta egotea, interakzioa izatea erabiltzaileekin, haien interesa piztea, hainbat pertsonekin bat zeozerren 'zalea' izatea... argazki faltsua, pertsona anonimo batena, jarri dugu gurea balitz legez eta ez dugu arazorik izan. Gehiago igo ahal genituen, eta gure kontaktu sareak pertsona horrenarekin kontaktuan sartu ezean, horrela segi ahal genuen denbora luzean. Argazkia pribazitate neurririk jarri ez duen neskato baten Tuentitik hartuta dago. Honek erakusten digu jende askok, bereziki erabiltzaile gazteenek, oraindik ez dutela sare sozialetan egoki ibiltzeko formakuntza. Azken finean, sare sozialeetako nortasunak birtualak dira, horrek ezartzen dituen zalantza eta ezbai guztiekin. Kontuen lapurretak ere suertatu daitezke.

Bukatzeko, sare sozialei antzematen zaizkien marketing gaitasunen inguruan arituko gara. Enpresa ugari jadanik konturatu da sare sozialek badutela abantaila asko. Facebooken egonda gure enpresa edo erakundearen profil zehatza sortu dezakegu, gure targetarekin bat etorriko diren erabiltzaile eta erabiltzaile potentzialekin harremanetan jarri, feedback jarraitua ezarri, bezeroen arteko interakzioa sustatu, gure produktu edo zerbitzuen inguruko informazio eguneratua plazaratu... baditu zailtasunak (adibidez, ez dirudi oso gomendagarria spam erara gure erabiltzaileei gonbidapenak egitea, egokiagoa litzateke haiek gurera etortzea ahalbidetzea eta itxarotea) baina aukera asko eskaintzen ditu.

Hala ere, gaur egun ez dirudi medio egokia kanpainia baten pisu nagusia eramateko: xede-taldearen zati handia geratuko zaigu seguruenik sare-sozialetik at (teknologia berriekin zerikusia duen zerbait ez bada behintzat), eta bezero azpitalde ugari oraindik edo ez dute internet erabiltzen, edo ez dute gai komertzialetarako erabiltzen. Baina osagarri gisa gero eta elementu garrantzitsuagoa dela badirudi, eta garrantzia irabazten joango dela. Medioak berak limitazioak baditu, klasean ikusi dugun bezala, baina aukerak zabaltzen ditu dudarik gabe.