viernes

Online publizitatearen hazkundearen gezurtxoa

Artikulu interesgarria elpais.com webguneari atxikitutako Estrategia Digital blogean aurki dezakeguna:

Internet no crece lo suficiente en inversión publicitaria

"¡Toma ya!" azpititulatzea falta zaio. Lizentziaturan zehar kontatu diguten ipuina hautsi nahi al digu Daniel Segovia tipo honek? Online publizitatea etorkizuna da, hi! Sektorearen krisialdiari eusten dion segmentu bakarra! Diploma kaxkarra ematen digutenean langabeziatik salbatuko gaituen mirari posmodernoa!

Ez ba. Momentuz ez, behintzat. Tranpatia da online publizitatearen hazkundea. Artikuluak hobeki azaltzen du, eta osorik irakurri nahi duenak hona jo dezake. Grafiko politak ditu. Nik labur-labur azalduko dizuet:

1. Hazkundea ona da proportzionalki, baina sektore txikia denez, kuantitatiboki txikia.

Soilik 44 milioi € hazi zen azpisektorea 2009an Espainian. Guztira 610 milioi €. Horrekin ez goaz inora. Guztira, publizitateak 5621 milioi mugitu zuen. Aurreko urtean 7.102 ziren. Internetek %7 igotzeak ez digu ezertarako balio sektore osoak %20 behera egin badu.

2. Internet jada hirugarren sektorea da, baina bigarrenetik oso urrun.

Inbertsioaren %11,6a da, baina egunkariek (urteak krisian daramatzaten arren) %21 osatzen dute, eta telebistak %42,1. Oraindik ezin du internetek sektorea salbatu. Medio txikiegia da, agian bizpahiru urtetan egunkariekin aurrez aurre egin ahal izango duena (bai igoera propioagatik, eta bai egunkarien jaitsiera jarraituko delako).

3. Interneteko hazkundearen gehiena... Googleren sakelera doa!!!

Bai, hauxe zen iruzurra. Interneteko publizitatea hazi da, baina hazkunde horren gehiena 'lotura babestuak' ("enlaces patrocinados") delakoari dagokio. Hau da, bilatzaileek indexatzen eta sailkatzen duten publizitateari. Hau da, batik bat Googleri. Zehazki, hazkundearen %72,6a kontzeptu honi dagokio.

Gu pozik geure sektore jipoituaren salbuespen maitearekin, eta zeinek eta Googlek dirua eraman. Ezdeusa izango da, baina derrepentean Yahoora aldatzeko gogoak eman dit. Eta pentsatzen nenbilen... meatzaritza sektorean lan indar ez kualifikatuaren bila ibiliko al dira?

2. ariketa: Sare sozialak

1. zatia: gogoeta

Sare sozialen erabiltzaile zarela jakintzat emanda, gogoeta eskatzen dizut. Marketing ekintza baten parte sentitu izan zara honelako tresna baten bitartez? Hala bada, zein? Ez bada hala, zergatik? Zuk uko egin duzulako edo inoiz aukera hori suertatu ez zaizulako? Burger King-en kasuan bezala, horrelako ekintzen hazkundea aurreikusi daiteke? Edo moda kontua da eta ez da urrunera ailegatuko? Non ikusten duzu sare sozialen abantailarik handiena marketing ikuspuntutik? Eta mugarik argiena?



Hasteko, azaldu behar dut ni ez naizela sare sozialen erabiltzaile zuzena, zeharkakoa baizik. Ez dut Tuenti ez Facebook konturik, batez ere sare hauei (geure adinean behintzat) ematen zaien erabilera ez dudalako oso gustoko ('kotilla' handia ez naiz, eta lagunekin geratzeko nahikoa dut telefonoa+MSNa) Baina halere, zeharkako erabiltzailea banaiz: ezagutzen ditut plataforma hauek, lagunek etengabe erakusten dizkizute edukiak, lagunen eta ezagunen profiletako argazkietan halabeharrez agertzen zara... ez dago erabat ihes egiterik.

Beraz, plataforma hauekin nik eduki ditudan marketing esperientziak oso mugatuak dira. Gehien ezagutu dudana Tuentiko 'eventos patrocinados' delakoa da, nahitaez profilean agertzen zaizkizun loturak eta eskakizunak, haietako asko interaktiboak (lehiaketak, jolasak, etab.) Baten bat gauzatu dut, baina ez ziren oso interesgarriak. Badirudi Facebooken, plataforma garatuagoa, erabiliagoa eta target zabalagoari eta helduagoari denez, gehiago garatu dela marketing interaktiboa. Klaseko blogean eskegitako eredua (Burger Kingen promozioa) oso interesgarria iruditu zait.

Etorkizuneko hazkunde edo moda pasaren inguruan, zera pentsatzen dut: Interneteko publizitateak etorkizunik badu, bide honetik izango dela halabeharrez (kreatiboa, interaktiboa, integratua), eta ez orain arteko bide tradizionaletik (norabide bakarrekoa, zurruna). Sare sozialek badute abantaila handia: publizitate kreatiborako eta indibidualizaturako bideak dituztela erakutsi dute (aplikazioak, harreman zuzena, feedbacka, etab.). Bestalde, mugarik garbiena medioak berak ezartzen du: interneten targeta zabaltzen ari da baina erabat masiboa izatera heltzeko gelditzen zaio. Gainera, medioari fidagarritasuna berreskuratzea falta zaio. Seguraski sare sozialak euskarri egokiak dira fidagarritasun hori eskuratzeko (enpresak zuzenean agertu daitezke erabiltzaileen aurrean, feedbacka ezarri, gainontzeko erabiltzaileen iritziak aztertu ditzakegu...) baina euskarri hauen erabilgarritasun potentziala osatzen joateko, lehenengo medioak berak (internetek) gainditu behar ditu ahulezi propioak.

2. zatia: esperimentua

Nire Facebook kontu faltsuaren identitatea 'Katia Gonzalez Zabalburu' da. Hurrengo astean esperimentuaren emaitzak jarriko ditugu.

martes

Veritas 2.0 (zaharrak berri)

Adurren zinta 2010/II/23ko Berrian.




Gezur bat mila aldiz errepikatuta egia bihurtzen dela XX. mendeko propaganda politikoaren totem kuttuna da, baina beldur naiz marketinaren fagozitosiak bereganatu duenik.

Edo agian jada ezin bereizi marketina eta propaganda. Egia saltzen digute, eta guk ñam, ñam.

Informazio nutrizionalari erreparatu gabe.

viernes

1. Ariketa: Internet & Eraginkortasuna

Bisitatutako orrialdeak: berria.info, marca.com, gara.net, twitter.com, hotmail.com

a) Ze publizitate formatu topatu duzun? (banner, pop-up, spam…)

Banner ugari, batez ere Marcan eta Berrian, hein txikiagoan Garan. Marcan pop-up bat ireki zait weborria irekitzerakoan. Hotmail helbidean spam mezu pare bat nuen, baina mezu ez onartuen erretiluan. Twiterren izena eman dudan bitartean ez dut gogoratzen publizitaterik aurkitu dudanik.

b) Ze markarekin egin duzun topo?

Egia esan ezin dut gogoratu topatutako markarik.


c) Mezu/edukiren batek zure atentzioa deitu du?

Ez dut uste, ezin dut mezu zehatzik gogoratu eta!


d) Publizitatearen aurrean men egin al duzu? Hau da, banner batek proposatzen zizuna jarraitu duzu, iragarle baten webgunera ailegatu zara?

Ez, ez dut edonolako bannerrik ez pop-upik sakatu, eta spam mezuak ez ditut ezta ireki.

Buelta zaitez orain ibili zaren orri edo dena delakoetara. Erreparatu publizitateari. Hor zegoen, ezta?

Bai, ugari zegoen. Marcan 13 banner eta pop-up bat zenbatu ditut orrialde nagusian, Berrian sei banner, Garan bakarra eta produktu propioarena, Twiterren bat ere ez.

e) Zure esperientzia hau eta aurrekoak kontuan hartuta, interneteko publizitateaz ze balorazio egiten duzu? Eraginkorra ote da? Asko/gutxi ikusten da? Erakargarria da? Hausnartu honen ingururan beste medioak kontuan hartuta.

Egia esan ez dut uste inoiz banner batean nahita sakatu dudanik, baina interneteko publizitatean formatu zaharra da eta ez du garrantzirik galdu, are gehiago, weborri bisitatuenek banner kopuru handia dute. Beraz, ba esperientzia propioari jarraituz ez litzateke formatu eraginkorra, baina kontratatzen jarraitzen badira izango da zeozertarako balio dutela. Erakargarriegia ez zait iruditzen, nahiz eta gero eta aurrerapen gehiago egin diren (banner mugikorrak, interaktiboak, jolastekoak...). Pop-upak behintzat zure atentzioa erakartzen du halabeharrez pare bat segundutan, baino gehiegi erabili ezin den formatua da, nabigazioa zailtzen duelako.

Interneteko publizitatean gastua gero eta handiagoa den arren (eta publizitate osoaren zati gero eta garrantzitsuagoa izan arren) uste dut etorkizunean sakondu beharko dela formatu berrietan eraginkortasuna lortu nahi bada. Hau da, banner, pop-up, spam... gutxiago, eta biral gehiago, promozio gehiago eta weborriekiko integrazio gehiago. Aukerak anitzagoak dira, baina ezagutza murritzagoa eta akatsak egiteko aukerak handiagoak.